Kardua aitzurrez kentzeko auzolan deialdia egin du Udalak larunbaterako

2016/06/02
Card image cap
HAZI Fundazioak kanpainaren jarraipena egingo du bere eraginkortasuna neurtzeko

  Kardua asko ugaldu da inguruko mendietan. Landara gogorra da eta abereek ez dute jaten. Gainera, inguruan belarra irtetea eragozten du. Orain, landara berriak irteten ari dira eta laster haziak zabaltzen hasiko dira. Horregatik garrantzitsua da, puntu horretara iritsi aurretik kentzea. Kardua kentzeko bide ezberdinak daude, herbizida bidez edo mekanikoki, aitzurrez jota. Gipuzkoako Foru Aldundiak Nafarroan frogatu den herbizida bat erabiliz, bi gune konkretutan esperientzia pilotua egin asmo zuen. Baina ekimena ALOABEL abeltzainen elkartekoei aurkeztu zitzaienean, ezezkoa eman zuten. Ondorioz, azken urteetan egin den bezala, goi larreetako karduak mekanikoki, aitzurrez kentzea erabaki da.

  Aurreko urteetan Udalak kontratatutako pioiek egin dute karduak kentzeko lana. Baina berandu xamar egin dira, uztaila inguruan, kontratazioak atzeratu egiten zirelako. Aurten, kontratazio horien zain egon gabe, egutegian egokia den garaian auzolanera deituta egitea erabaki da. Halaxe egingo da larunbatean eta baita uztaileko lehen asteburuan ere. Bi garaitan, hilberri dela hartu da gogoan.

  Bihar jada, mendi lanetan aritzen diren 6 profesional hasiko da kardua jotzen eta larunbatean ere, lanean jarraituko dute. Baina larunbat goizean, hartara animatzen diren abeltzain eta herritarren laguntza izango dute. Udalak, auzolan deialdia zabaldu du, Buetraitz-Artzanburu inguruetan kardua aitzurrez kentzeko. Horretarako hitzordua, zapatuan, 8.00tan Duruko aparkalekuan egin da. Interesa duenari, aurrez izena ematea eskatzen zaio, udaletxeko harrera gunetik pasata edo bertara telefonoz deituta: 943.780411 zenbakira. Auzolan deialdia irekia da, karduren ugaltzeaz kezkatuta dauden herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen dira, baina pentsatzekoa da, mendi larretara ganadua eramaten duten abeltzainak ere hurbilduko direla, jakinik gainera, Udalak kobratzen dituen larreratze tasetan hobaria jasotzen dela era honetako auzolanetan parte hatuz gero.

  Bihar-etzi egingo den auzolana, uztaileko lehen asteburuan errepikatu egingo da. Orduan ere, hilberriarekin, karduak aitzurrez kentzeko auzolan deialdia egingo da. HAZI Fundazioak kardu jotze kanpaina honen jarraipena egingo du bere eraginkortasuna neurtzeko.

  Gipuzkoako Foru Aldundiak bestalde, Aloña eta Araotz-Txirikillaleku inguruko larre plana egiteko lana esleitu du. Larre plan honek, egungo egoeraren diagnostikoa egin ez ezik, etorkizuneko aktuazioen nondik norakoa zehaztuko du, larreak hobetzeko zein ekintza eta kanpaina egin beharko liratekeen bilduko du.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!